viernes, 23 de septiembre de 2011

Ondorioak: Zer prestakuntza teknologiko behar du irakasle batek?

Hasiera batean, teknologiak hezkuntzan garrantzia gutxi zutela pentsatzen genuen. Gainera, teknologia modu isolatu batean lantzen zela pentsatzen genuen, informatikako klasean hain zuzen. Hau da, ez genuen teknologia eta beste jakintzagaien arteko erlazioa aurkitzen. Lauhilabetekoaren hasieran, ikasgai honetan ezagutza teknologikoa soilik ikusiko genuela pentsatzen genuen, denbora guztian ofimatikako, Interneteko... ezagutzak bakarrik landuko genituela pentsatuz.

Bi aste hauetan jaso dugun prestakuntza eta gero, garbi geratu zaigu teknologiaren erabilera hezkuntzan ezinbestekoa dela. Izan ere, gizartea aldatu egin da, gizarte industrializatutik informazioaren gizartera pasatuz. Honela, egungo haurrak natibo digitalak dira, teknologiaz inguratutako gizarte batean bizi direlarik. Honez gain, lan munduan ezagutza teknologikoa ezinbesteko bihurtu da. Informazio bilaketari dagokionez, teknologiei esker informazio bilaketa errazagoa da, interneten liburutegi globala dagoelarik. Honela, ikasleek edozein momentutan informazioa eskura dezakete. Hau guztiak sobera justifikatzen du teknologien erabilera hezkuntzan.

Baina prest al daude egungo irakasleak konpetentzia digitala duten ikasleak eraikitzeko?. Kontuan izan behar dugu, hezitzaile asko imigrante digitalak direla. Honela, ez dituzte menperatzen euren ikasleekin konpetentzia digitala garatzeko beharrezkoak diren metodologia didaktikoak. Gainera, ezagutza teknologiko urria dute. Honen aurrean zer egin dezakete?

Etengabeko prestakuntza ezinbesteko ikusten dugu. Gizartea etengabe aldatzen da aspektu askotan, eta egungo hezitzaile batek aldaketetara egokitzen ikasi behar du, etengabeko prestakuntza jasoz. Prestakuntza honekin konpetentzia digitala duten ikasleak eraikiko dituzte hezitzaileek. Baina zer da konpetentzia digitala?

Konpetentzia terminoa gaitasun terminoarekin erlaziona dezakegu. Gure iritziz, konpetentzia digitalak honako alorrak biltzen ditu:

-Informazio konpetentzia: Informazioa bilatzeko, aztertzeko, zabaltzeko, konparatzeko...gaitasunean datza.

-Konpetentzia teknologikoa: Teknologiaren erabilera instrumentala menperatzean datza.

-Konpetentzia kognitiboa: Besteak beste, teknologietatik eskuratutako informazioarekin gatazka kognitiboak egitean datza, informazio berria eraikiz edo aurre ezagutzak zabalduz.

-Herritartasun digitala: Teknologien erabilera zintzoan oinarritzen da, mundu teknologikoan ere baloreak daudela kontuan hartuz.

Baina konpetentzia guzti hauek eskolan bakarrik landu behar ote dira?

Gure iritziz, familiaren eta eskolaren arteko elkarlana ezinbestekoa da. Gaur egungo haur gehienak etxean teknologia ugari dituzte. Honegatik, lan egoki eta konstanterako beharrezkoa da eskolan ikasitakoa etxean ere aplikatzen jarraitzea. Arlo honetan ikusten dugun arazo nagusia hau da: Guraso gehienak imigrante digitalak direla eta ez dakitela euren seme alabek teknologien alorrean duten erabilera kontrolatzen.

Honekin guztiarekin bukatutzat ematen dugu atal honen ondorioen analisia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario